Gaur egun Zigoitia dagoen lurraldeak aldaketa asko izan ditu, bertan bizilekua zuten lehenengo ezezagunetatik hasi, eta gaur arte. Historiaurreko eta Goi Erdi Aroko garaietako bizimoduaren inguruan oso datu gutxi ditugu. Baina, denborak Zigoitiko historian zehar aurrera egiten duen heinean, dokumentazio gehiago dugu eskura, eta ingurune honek jasandako prozesu historiakoaren berri zabalago jaso dezakegu. Prozesu horretan, Zigoitiko herri bakoitza erreferentzia bat da, herriak ardatz hartuta josten baitira bertako bizitza, ohiturak eta gertaerak, Zigoitiari gaur egun duen izaera eta identitatea emanez.
Orri hauetan, modu orokorrean, prozesu horien zirriborroa egin dugu. Bizimodu aberats eta berezi baten lekuko diren prozesuak dira, eta herri bakoitzeko izen propioetan, egoeretan eta memorian hartzen dute beren lekua. Akelarrearen zenbaki honetako orrialdeetan izango dituzue xehetasun gehiago.
Laburpen historiko honen helburua da, era berean, prozesu horiek herri bakoitzeko errealitate sozialean, kulturalean, laboralean, politikoan eta erlijiozkoan kokatzea, izan ere, gaur egun Zigoitia zer den horrek erakusten baitigu.
Lehenengo biztanleak. Historiaurreko garaia
Zigoitiko gaur egungo lur-eremuko lehenengo biztanleak Historiaurreko garaietan aurkitu ditzakegu. Hala erakusten digute hainbat koba naturaletan aurkitutako okupazio-aztarnek, edo Paleolitotik hasi eta Burdin Arora arteko datazioa duten material eta hondakinek.
Gorbeiako lehenengo biztanleak orain dela 150.000 urtekotzat jotzen dira. Arrillorreko kobazuloan 5 metrotik gorako sakontasuna duen sedimentu-biltegi bat du. Bere sekuentzia estratigrafikoan Goi Pleistozenoko (orain dela 40.000 urte) hainbat aztarna aurki daitezke. Ondoren, Neolitoan (orain dela 5.000 urte) artzaintza eta nekazaritza hasi ziren.
Bidekurutzen (Letonan) hainbat tumulu-lurperatze Eneolitoren aztarnak aurkitu dira; Zaitegin, San Migelen eta Genda gainean ere, aurkitu dira era horretakoak. Urisoloko kastroa, Arratoko mendizerran (Letonan), Burdin Aroko biztanleen bizileku izan zen. Garai hartan, nagusiki, ehizatik bizi ziren.
Antzinaroa, eta Zigoitiaren hasiera, Erdi Aroan; I. mendetik XII.era
Gure lurraldeko biztanleak karistiarrak izan ziren, hau da, gaur egun Arabak eta Bizkaiak hartzen dituzten lurraldeetan bizi zirenak. Erromatarren inbasioa iberiar penintsulara iritsi zenean (K.a. III. mendetik aurrera) bere eragina izan zuen Euskal Herrian, bai politikoa, eta baita kulturala ere. Hala ere, gaur egungo Zigoitiaren lur-eremua kanpoan geratu zen, izan ere, bide nagusienak hegoalderago edo Kantauri Itsasoaren ondotik pasatzen baitziren.
Garai hartan, bizitzeko eta bizirauteko moduak nekazaritza, abeltzaintza, basoak, ehiza… ziren jada. Euskara zen beraien hizkuntza, erromatarrek Baskonia izendatzen zuten lurraldeko garai hartako hainbat tribuk bezala.
Gaur egun Zigoitian ditugun zenbait herri V. mendearen inguruan hasten dira sortzen, Erdi Aroko lehenengo mendeetan, kristautasunaren etorrerarekin batera. Hala ere, hainbat herriren izenak ez daude jasota VIII. edo IX. mendeak iritsi arte: Ocoizta (Acosta/Okoizta), Erihehi (Eribe), Cestafe (Zestafe). Eta desagertuta dauden zenbait herri ere agertzen dira: Murabe, Menea, Gernika. XIII. mendean ikus ditzakegu, lehenengo aldiz, gaur egun ezagutzen ditugun izen guztiak, “Arciprestazgo de Cigoitia” delakoan egindako inbentarioari esker.
Bisigodoak ere gerturatu ziren lurralde honetara. Zigoitian erritu espainiar-bisigotikoek izan zuten eragina argi ikusten da garai hartan gurtzen diren santuetan, eta guganaino ere iritsi direnetan: Santa Eulalia, edo Okoiztako San Bizente; azken honetako monasterioa erritu honen erreferentzia-gune izan zen, bertan dauden erlikiek eta santuek erakusten dutenez.
Arabiarrekin harremanak egon baziren ere, iberiar penintsulan ezarri zuten domeinuak eta kulturak ez du presentziarik inguru honetan.
Zigoitia Nafarroako Erreinuan
Erdi Aroan, XII. mendera arte, Zigoitia, politikoki, Iruñeko Erreinuaren parte izan zen. Gero, Nafarroako Erreinuko parte ere bai: horren lekuko da Okoiztako monasterioak, emiliar zenobioaren menpean zegoenak, IX-X mendeetan Nafarroako erregeekin zuen harremana.
Gaur egun “Zaitegiko gaztelua” deitzen duguna, gerora San Bitorren ermita eraiki zen lekuan zegoena, itxura denez garai bateko gazteluaren zaintzarako dorrea zen. Gaztelua “Gazteluzegana” eta “Gazteluzoste” izeneko lekuetan zegoen kokatuta, eta Nafarroako Erreinuaren muga markatzen zuen, Antso III.aren garaian, Alfonso VIII.a errege gaztelarrak 1199an Gasteiz setiatu eta konkistatu zuen arte, Antso VII.a Indartsua zelarik errege. Orduan hasi zen Zigoitiak Gaztelarekin izan zuen harremana.
Garai horretan agertzen dira inguru horretako lehenengo bide garrantzitsuak: “ubi iniciat via Zatica” (Zatica bidea hasten den lekua), "sub defesa Erihehi usque ad via de Olleros" (Eribeko larrearen behealdetik Olleroseko bidera”), Gorbeiako magalak inguratuz.
Mende horietan hasten du bere bidea “Zigoitia” izenak. Hona hemen gaur arte izan duen garapena: Zuffia de Suso (1025), Zuffia Goitia / Zuhigutia (1233), Coygoitia (1257), Zuigoitia (1335), Suiguitxe Cigoitia (1457), Zigoitia (1995).
Zigoitiaren osaketa: Behe Erdi Aroa (XI-XV) eta Aro Modernoa (XVI-XIX)
Biztanleen bizimodua eta ohiturak ez ziren gehiegi aldatu Behe Erdi Aroan eta Aro Modernoan zehar. Denboraldi luze honetan, Zigoitia sozialki eta politikoki itxuratzen joan zen, Nafarroako Erreinuaren barruko Arabako Konderrian, lur-eremu horretako agintaritzaz eta administrazioaz arduratzen ziren jauntxo eta tenenteekin.
XIII. mendearen erdi aldera, jada Gaztelaren mende, Hurtadotarren eta Mendozatarren (Mendibilgo jauntxoen) jaurerriak bereizi ziren. Jauntxo hauek izan ziren “voluntaria entrega”ren protagonistak, hain zuzen ere, 1332an, Arriagako Juntan, Gaztelako Errege Alfonso XI.aren eta Arabako Ermandadeen artekoan.
“Hermandades y Tierras del Duque” deiturikoak, kuadrillatan antolatuak (horien artean, Zigoitikoa) beren domeinu eta jurisdikziopean zeuden, eta horrek bai herritarrei eta bai jabetzei eragiten zien. Erregeren zerbitzura zeuden, adibidez, gerrarako. Testuinguru horren barruan instituzio garrantzitsuak eratu ziren.
Zigoitiko Ermandadea eta Santa Luziaren Kofradia
“Santa Lucia de Theparua”ko belardian eta ermitan egiten zuen bere batzarra “Concejo de Justicia y Regimiento de la Hermandad de Cigoitia” delakoak. Horretarako, hainbat arrazoi zeuden; beste batzuen artean, festak eta errogatibak; eta, batez ere, bilerak eliza inguruan egiteko euskal ohitura jarraitzea ere hor zegoen. Ermitari itsatsita, eraikin bat jaso zen, mendebaldeko aldean. Gaur egun zutik dago, eta berau izan zen Zigoitiko lehenengo udalaren egoitza, udalak sortu zirenean. 1932an, Gopegira pasa zen udala, eta gaur egun Ondategin dago. Era berean, ermita horretan ebatzi ziren Zigoitiak bere ondoko udalerriekin zituen hainbat auzi.
“Zigoitiko Ermandadea” XVI. mendean jaso zen idatziz lehenengoz: “Apelación de Cigoitia a la Chancilleria de Valladolid” eta “Ordenanzas de la Hermandad” dokumentuetan, adibidez. Hala ere, XV. mendea baino lehenago sortu zela ere esan genezake, Legutioko Udal Artxiboko dokumentu batek aipatutako ermandadeari erreferentzia egiten baitio. Gaur egungo ordenantzak 1609koak dira: aurrekoak berrikusteko, urte horretako apirilaren 5ean “pertsonarik egokienak” izendatu ziren, “Zigoitiko ordenantza zaharrak berritzeko” eta “beste batzuk gehitu eta onartzeko”. Bertan, ermita izendatzen da Zigoitiko 17 herriak bilduta zeuden lau kuadrillen ohiko batzartoki gisa. Ordenantza horien arabera, Zigoitiko herrietako herritarrak aretoan bildu behar ziren, aiton semeen, hau da, herritar gehienen artean agintariak aukeratzeko, eta “nekazari onen” edo petxarien artean. Hauek, aldez aurretik, zuzen eta partzialtasunik gabe jardungo zutela egin behar zuten zin.
Nabarmendu beharra dago, Micaela Portillaren arabera, Letonako dorreko jauntxoak, Manurgako Hurtado de Mendozatarrekin senidetuak, jende garrantzitsu eta gailentzat zituztela eskualdean. Ondategiko Santa Luziako Batzarretara joaten ziren, San Martin egunez, Zigoitiko aiton semeekin eta nekazariekin, ohiturak hala aginduta.
Kargu hauek – San Martinen, batzar itxian, aukeratuak – honakoak ziren: Ermandadeko Alkatea, Prokuradore Orokorra, herri bakoitzeko Erregidorea, bi Kuadrillakide, kuadrilla bakoitzeko lau Erregidore Fidel, eta herri bakoitzeko Mendizale bat. Azpimarratu behar da, Ordenantzetan jasota dagoen bezala, petxari edo nekazariek edo bilauek ezin zutela ofizio garrantzitsurik hartu, behe-mailako karguak soilik baizik.
Ermandadeak ermitarekin harreman estua zuen: bertako lanen gastuak ordaintzen laguntzen zuen, eta urteroko errogatiba ere antolatzen zuen.
Zigoitiko herritarren gizarte antolamendua
Duke eta jauntxoez gain, antolamendu sozialeko maila garrantzitsuenetako bat aiton semeak ziren. Batzuk, garrantzitsuak, beren jabetzan dorre eta etxe blasoidunak zituztenak. Beste batzuk, maila baxuagokoak, “petxari” izenekoak, eta beren zergak dukeari ordaintzen zizkiotenak.
Zigoitiko etxe nobleetan hainbat gizon garrantzitsu sortu ziren. Hauek, elizetan dohaintzak utzi zituzten, kapera propioak izan zituzten, aberastu ziren lurretatik (Mexiko, Filipinak…) ekarritako objektu baliotsuak oparitu zituzten…
Elizaren eragina oso garrantzitsua zen, kristautasuna nagusi baitzen bazter guztietan, XIII. mendetik XIX. mendera arte. Zigoitia inguruneko artzapezgo-barrutietako bat zen. Parrokietan elizgizon ugari zeuden, eta erlijioaren praktika, ohitura kristauak eta moraltasunaren kontrola ondo bermatuta egoteaz arduratzen ziren. Ermitak ere ugari ziren, 40 baino gehiago, eta zigoitiarrek erlijioari ematen zioten garrantzia handiaren lekuko izan dira, mende haietatik gaur egunera arte.
Herritarren bizimodua, eta beren ekonomia eta produkzio-bideak landa-eremukoak dira: nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruan ardazten ziren harremanak, kultua eta ohiturak, beraz, jendeak bere gertuko eremuan egiten zuen bizimodua. XX. mende erdialdera arte ez zen hasiko Gasteizeko industrietan lan egiteko joera, eta, horren ondorioz, lana nekazaritza eta abeltzaintzarekin tartekatzekoa.
Zigoitian izan ditugun 28 errotak dira bertako nekazarien ekoizpenaren lekuko. Hala ere, zekaleen produkzioa ez zen oso aberatsa, lurrak pobre samarrak baitziren.
Zigoitia, XIX eta XX mendeetako gerren jokaleku
Bere kokalekuarengatik, Zigoitiak Konbentzio gerraren (1808-1813), gerra karlisten eta gerra zibilaren eragina jasan zuen.
Frantsesen inbasioak iraun bitartean, egurra, arropa, elikagaiak eta bestelako hornidurak eman behar izan zituzten, eta baita elizetako objektu baliotsuak ere. Frantsesen tropek Manurgan hartu zuten lekua, eta eliza-ataria erabili zuten, kalte handiak eraginez. Garai honetan ermita ugari desagertu ziren.
Handik gutxira hasi ziren gerra karlistak (1833-1876), eta horrek jendea gehiago pobretzea ekarri zuen. Zigoitia leku estrategikoan zegoen, eta horrek bere ekonomiari ondorio larriak ekarri zizkion, parrokietako fabrika-liburuek eta udal kontu-liburuek erakusten dutenez. Jasota daude herri-jabetzako ondasunen hainbat eta hainbat salmenta, “tropak hornitzeko eta herritarrei laguntzeko hornidurak”, espezia eta dirutan, erosteko helburuarekin egindakoak.
Azkenik, gerra zibilaren (1936-1939) ondorio tragikoak ere jasan behar izan zituen Zigoitiak, bere herrietan eta etxeetan, eta baita elizetan ere. Hala ere, ondoriorik larrienak herritarrek jasan zituzten, beraietako asko etxea utzi eta kanporatuak izan baitziren.
Aro Garaikidea (XIX-XXI mendeak) Zigoitian
Gerren ondorioak mingarriak eta zailak izan arren, Zigoitiak bere bizitza estiloa, ohiturak eta lan egiteko modua mantendu zituen, eta bere burua berregitea lortu zuen.
Garai honetan gertaera sozial, ekonomiko, kultural, politiko eta erlijiozko garrantzitsuak bizi izan ditugu. Horien artean, nabarmendu beharra dago, bereziki, Zigoitiko eskolen sorrera, bereziki XX. mendetik aurrera; ondoren, Escudero Fundazioaren (1962-1972) eskola kontzentratua, estatuko lehenengoa; gaur egungo Gorbeia Eskolara iritsi arte.
Ondare artistiko eta kulturala
Merezi du aldizkari honen zenbaki bat Zigoitiko arteari eskaintzea, udalerriaren historiaren lekuko baita. Lerro hauetan, Zigoitian dagoen ondare zabal eta aberatsaren erreferentzia soil batzuk egingo ditugu. Zigoitiko ondarearen ikerketa nagusia Micaela Portillak argitaratu zuen, Gasteizko Diozesiaren Katalogo Monumentalaren VII tomoan (Zigoitiari eskainitakoan). Erdi Aroko arte prerromanikoa eta erromanikoa, eraikinak, pintura eta irudigintza gotikoa, Errenazimenduko arte erromanista, gotikoa, eta, batez ere, Barrokoa, Neoklasikora eta gaur egungo artera iritsi arte. Adierazpen artistiko guzti horiek Zigoitiko herrietan banatuta daude, eta ahaztu eta ezagutu gabe utzi ezin den iragan baten ondare garrantzitsua osatzen dute. Zenbaki honetan jaso dugun herri bakoitzaren deskribapenean daude jasota artelan horiek guztiak.
Ahaztu gabe, noski, propio landa-eremukoa den artea, etxeen eraikuntza-moduetan, artisautza-lanetan, monumentuetan… garbi ikusten dena. Zigoitiko baloreak eta kultura adierazten dute horiek ere.
Euskara Zigoitian
Euskal Herriko hizkuntza, bertako herritarren zatirik handienak hitz egin zuen Aro Modernora arte, eta ingurune bakoitzak bere berezitasun linguistikoak zituen. Gutxinaka, euskararen erabilera gutxitzen joan zen, Zigoitiko lur-eremuko iparraldeko herrietan (Manurgan, Etxaguenen, Muruan…) mantendu zen arren, XX. mendera arte. Frankismoan, euskara ia guztiz desagertu zen, familia batzuetan kenduta.
XX. mendearen amaiera aldera, berreskurapen-fasea hasi zen, eta gaur egun ia ume guztiak euskaldunak dira, eta baita gazteak ere. Era berean, helduak ere ahalegin handia ari dira egiten euskara praktikara eramateko.
“Zigoitia Euskaraz”, kultur jarduerak, eta bestelako ekimenak, eta Udalaren zerbitzu elebidunak, Zigoitiko hizkuntza historikoaren berreskurapenaren adibide dira.
Azken urteotako Zigoitiko populazioaren garapena
Azken urteotan, mende aldaketan (XX-XXI mendeak), Zigoitian populazioaren bilakaera ikusgarria bizi izan dugu. 1900 urtetik aurrera jaitsiera demografiko progresiboa bizi izan genuen: 1.238 herritarretik, 763 herritarrera jaitsi zen. 1988tik aurrera, herritar berriekin, populazioa lehengo mailara gerturatzen hasi zen, eta gaur egun, Zigoitiak, 1800 herritar ditu.
Zigoitiko historiaren erreferentzia labur hauekin –ikerketa zabalago bat egitea beharrezkoa dela ahaztu gabe– bi mila urte baino gehiago bildu ditugu. Urte horietan guztietan, gaur eguneraino iritsi den prozesua ehuntzen joan da. Memoria, beharrezkoa da Euskal Herriko eremu honen identitatea gorde eta garatzeko, eta bertako herrien arteko harremanak egiteko. Zigoitiko herri bakoitzak bere izaera du, ondorengo orrietan, herri bakoitzaren historian, ikus dezakegun bezala. Herri horien arteko harremanak izan dira gaur egungo Zigoitia eraikitzen joan direnak