Ketura
HITZAURREA
QR 1.-SARRERA
QR 2.-KETURA
QR 3.-FRENTEZ FRENTE
QR 4.-OLARTEGIKO BUNKERRA
QR 5.-OLARTEGIGANA
QR 6.-PLANIMETRIA MAHAIA OLARREN
QR 6.-PLANIMETRIA MAHAIA KARAKOATXAN
QR 7.-ZIZKINO
QR 8.-DIZIPLINA BATAILOIA
QR 9.-"GORRIXEN" BIDEA
QR 10.-UBIDE-SANTA ENGRAZIA BIDEGURUTZEA
QR 11.-SANTA ENGRAZIA
QR 12.-TIRATZAILEEN GUNEA
UBIDE
Ketura eta Ubide arteko Fronte Errepublikanoaren ibilbidearen mapa.
0) ONGIETORRIA. IBILALDI BAT ZIGOITIKO FRONTE ERREPUBLIKANOTIK
Ibilbide honek Euskadin Gerra Zibileko (1936-1937) fronte errepublikanoaren zati txiki bat zeharkatzen du. Bidezidor, belardi, pinudi eta pagadien bidez, Santa Engrazia ibaiaren –erreka bat baino gehixeago da– arro hidrografikoaren mugak jarraitzen ditu gutxi gorabehera, nahiz eta Gorbeiako Parke Naturalean kokatuta dagoen, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko erdialdeko birikan. Hasieratik esan beharra dago lekuaren ingurumen-ondaretik harago doala ibilbide horren paisaia-balioa, oraintsu gertatutako prozesu historiko nola traumatikoa, gerra, ulertzeko gako batzuk ematen dizkigun neurrian.
Altxamendu militarraren hasieran, 1936ko udan, Gasteiz altxatutakoen esku geratu zen; Bilbok, berriz, leial eutsi zion errepublikanoen legeriari. Kolpea gertatu eta egun gutxira, guardia zibil, eraso-guardia (polizia errepublikanoa) eta miliziano boluntario talde handi batek zutabe bat osatu eta Bilbotik irten zen, Arabako matxinadari amaiera emateko asmoz. Hala ere, mugimendu nahiko nahasi samar batzuen ondoren, zutabe hori kuartelera bildu zen mugako bi herri bizkaitarretan, Ubiden eta Otxandion. Ibiliko garen fronte errepublikanoaren zati hau bat dator "Ubideko sektorea" bezala ezagutzen denarekin, frontearen lehen lerroan egon zen defentsa-sektorearekin.
Gerraren lehen hilabeteetan, nahasmen handia sortu zen fronteetan, ez baitzeuden erabat egonkortuta. Sabin Apraiz euskal gudariak "kirol borroka arriskutsu" gisa definitu zuen gatazkaren lehen etapa hori. Intentsitate txikiko gatazka moduko zerbait, Arabako fronteko hainbat txokotan borroka txikiak tarteko.
Nahasmenak nahasmen, bi aldeak berrantolatzen joan ziren, eta 1936ko udazkenean gerra eskala handiko gatazka bihurtu zen. Horren erakusle, azaroaren 30ean, Eusko Gudarostea eratu berriak erasoaldi handi bat abiatu zuen inguru horretan, "Villarrealeko bataila" izenez ezagutzen dena. Agirre lehendakariaren Estatu Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzak helburu bikoitza finkatu zuten milaka borrokalari mugiarazten zituen maniobra handi harekin. Alde batetik, helburua zuen une hartan Madril, Errepublikaren hiriburu zena, setiatzen ari zen Francoren Armadaren tropak nahasteko erasoaldi bat egitea. Beste helburua Gasteiz azkar hartzea zen, Miranda de Ebroraino, Iparraldeko indar matxinatuen trenbide korapilo nagusira, iristeko.
"Villarrealeko bataila" izenak erreferentzia egiten dio Eusko Gudarosteak bere erasoan aurkitu zuen oztopo nagusiari. Izan ere, Arabako Villarreal de Álava herria (Legutio, egun) eraso ugariri aurre egin zien soldadu-talde frankista baten esku zegoen. Errepublikanoek ez zuten inoiz hartu Erdi Aroko hiribildu hori, eta baja ugari izan zituzten.
Bataila handi horrek, bestalde, beste fronte batzuk ere izan zituen. Eta, alde horretatik, borroka garrantzitsuen agertoki izan zen Zigoitia. Oketa, Eribegaina edo Saimendi bezalako mendiak eta Murua, Acosta/Okoizta eta Zestafe bezalako herriak heriotza eta suntsipen gune bihurtu ziren erabateko gerraren logika gordinaren barruan. Errepublikanoen aurrerapen labur bakoitzak baja-kuota izugarria zuen ordainetan, azkenean Francok kolonia-tropez –"mairu" ospetsuak, herri imajinarioan– baliatu zen arte, kontraeraso gogor bat egin baitzuten, errepublikanoen erretiratze behialakoa eragin zuena. Horrela, bataila hura amaierara iritsi zen 1936ko abenduaren bukaeran, 4.000 baja baino gehiagorekin eta 1.000 hildako ingururekin, emaitza, lur eremuari dagokionez, berdinketa izatetik pasa gabe.
.
Eskualde hau erabat markatuta utzi zuten gertaera haiek. Marka batzuk oraindik agerikoak dira: eliza suntsituak, bala zuloak kanpaietan, artilleria eta hegazkinen bonbardaketek eragindako kraterrak, lubakiak nonahi, eta, are tragikoagoa izaten jarraitzen duena, ehunka gorpu desagertuta. Azken urteotan, Aranzadi Zientzia Elkartea, hobi komunen hobitik ateratzeko hasitako lanari esker, pertsona horiek bilatzen, identifikatzen eta duintzen laguntzen ari da. Izan ere, bakearen eta giza eskubideen aldeko azterlanen arloan oraindik lan asko dago egiteke.
QR 1.-SARRERA
(42.99595, -2.68113)
2019an balizatu behar bazen ere, atzeratu egin da. Hala ere, jarriko diren QR kodeen informazioa Zigoitia Udalaren web orrian aurki liteke.
Gorostizatik Barazarreko errepidea hartu aurretik ehunen bat metrora aparkatu liteke. Ezkerreko bidea hartu eta larre batetik igo behar da. Larre horretan bertan lurperatu zituzten eraildako Elosuko 17 lagunak. Handik gutxira iritsiko gara…
QR 2 KETURA
(42.99996, -268115)
Bidearen alde banatan ikusiko ditugu Zigoitiko bunkerrik osotuenak eta interesgarrienak. Urtegiak, eta ondorioz egindako lur mugimenduek, eta Zigoititik datorren errepide “berriak” inguruko paisaia asko aldatu badute ere, oraindik ondo gordetzen dute beren izaeraren arrazoia. Ingurura begiratzerik baino ez dago.
Gerrako grafitiak: Izen propioak dituen gatazka
Villarrealeko Batailaren ondoren, frontea berriro egonkortu egin zen; egitez, "solidotu" egin zen frontea. Gerra posizioak, ordura arte modu prekarioan eraikitakoak, sendotu egin ziren, eta hormigoizko gotorleku bana eraiki zen lubaki eta arantzazko alanbreen ondoan. Keturako metrailadorearen bi habiak dira horren adibide ona. Gotorleku horiek Errepublikaren lehen lerroaren zati ziren, eta 1937ko martxoaren 10ean amaitu ziren. Dataren zehaztasunaren arrazoia da gotorlekuek berek halaxe azaltzen digutela.
Mendebaldeko gotorlekua (ezk.) eta ekialdeko gotorlekua (esk.).
Izan ere, gotorleku horiek eraiki eta aldeztu zituztenak gurekin jarraitzen dute... Edo, behintzat, haien lekukotasunak. Gotorleku horiek 2017an ikertu zituen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) talde batek. Indusketak emaitza benetan interesgarririk eman ez bazuen ere –40ko hamarkadan hortik hurbil Urrunagako urtegia eraikitzean inguruak jasan zuen aldaketaren ondorioz–, dozenaka grafiti ageri dira oraindik gotorleku horietan, zaintzen zutenek porlan egin berritan gauzatuak. Aipatu grafitiak historiaurreko petroglifoen azterketan erabilitako metodologia berari jarraituz ikertu ziren. Argiztapen artifizialean eta 3D-ko modelatze fotogrametrikoan egindako aurrerapenei esker, hogeita hamar inskripzio baino gehiago berreskuratu ahal izan dira.
Era horretan dakigu gotorleku horiek "Madril Batailoia” delakoak defendatu zituela, hau da, Eusko Gudarosteko Langileen Batasun Orokorreko (UGT) 5. batailoiak. Haren ideologia ezkertiarra ondo zainduta geratu da bertako igitaia eta mailua bezalako ikurrei eta hainbat inskripziori esker, "Viva el Ejército Rojo” (Gora Armada Gorria) dioen bat, kasu. Grafitien azterketak aukera ematen digu, halaber, erabateko gerra bati izen-abizenak jartzeko, non pertsonak erraz bilakatzen baitziren zifra estatistiko huts. Halatan, badakigu hemen Aurelio Álvarez kapitaina, Nicolas Cela, Pablo Mendieta, Fidel Fernández edo José Luis Garay borrokatu zirela, guztiak 4. konpainiako kideak. Bizkaiko Ezkerraldetik zetozen gehienak, eta euskal langile mugimenduak faxismoaren aurka hasitako borrokaren testigantza dira.
Baina, horrez gain, badago gerrari buruz dugun ikuspegi tradizionalari iskin egiten dion lekukotasun bat. Inskripzioen artean, "Katalina” baten sinadura ageri da. Emakume hori ez da agertzen batailoiaren dokumentazio ofizialean, eta azalpen tradizional batek pentsatuko luke borrokalarietako baten "emakumea", "ama" edo "alaba" litzatekeela. Virginia Woolf idazleak behin esan zuen, historian zehar gure literatur lan handi askotan agertzen den "anonimo" hori, askotan, emakume bat zela. Eta, horrela, "Katalinaren" esku anonimoak agian gehiago hitz egiten digu emakumeak historian izan duen ikusgarritasun ezaz eta haien borroka isilaz, baita euskal gerran ere, gizon batek emandako testigantzaz baino. Nolanahi, misterio arkeologikoa da, oraindik ere, Katalina, ziurrenik emakume izate hutsagatik. Gatazka hasi eta zortzi hamarkada geroago, gerraren historiaren erdia kontatu gabe dago oraindik.
QR 3 FRENTEZ FRENTE
(43.00740, -2.68648)
Bidean aurrera eginda, goi-tentsio kableen azpira iristen garenean, beti ere Gasteiz aldera begira, kable bidean eta aurrez-aurre ikusiko ditugu frankisten postuen kokapena.
Bestearen ikuspegiak: mugako paisaia
Olartegiko Pasabide honetatik aurrera ia bi kilometroko luzera duen errepublikanoen defentsa-lerro handi bat zabaltzen da. Posizio horiek, antza, 1937ko urtarrila eta apirila bitartean gotortu ziren. Lasaitasun tirabiratsuen hilabeteak izan ziren horiek, nonbait, euskal frontean. Villarrealeko Bataila tragikoaren ondoren, bi aldeak jabetu ziren eraso zuzenera jotzekotan pairatzen zuten zaurgarritasunaz, eta, hori dela eta, euren posizioak gotortzen aritu ziren, gogorkiro gainera. "Frontearen solidotzeak" eremu honen "muga" zentzuaz ere ari zaigu.
1936ko udazkenean, bi aldeak berrantolatu egin ziren, ez bakarrik militarki, baita politikoki ere. Altxatutako Espainian, Franco jenerala Estatuko buruzagi eta jeneral izendatu zuten, "Espainia Berriaren" botere guztiak bere gain hartuz. Gerora lurralde osora iritsiko zen diktadura luzearen atarikoa baino ez zen. Espainia errepublikarrean eta euskal kasu partikularrean, aldiz, euskal autonomia eratu zen, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen behin-behineko gobernu batekin eta alderdi politiko guztietako sailburuekin – EAJ, PSOE, Ezker Errepublikanoa, Euzkadiko Alderdi Komunista, EAE-ANV eta Unión Republicana–, CNT anarkosindikalista izan ezik. Gobernu hori gerraren errealitate gordinak baldintzatuta egon zen beti, eta armada propioa antolatu behar izateko ardura izan zuen, nahiz eta Estatu Nagusi errepublikanoaren agindupean izan. Era horretan, gerra-frontea, militarki aurrez aurre zeuden bi bando banatzeaz gain, guztiz ezberdinak ziren bi sistema soziopolitikoren arteko "muga" –muga arriskutsua, gero– ere bazen.
Olartegiko Pasabidean, hegoalderantz begiratuz gero, sektoreko euskal defendatzaile errepublikanoek zuten ikuspegi laburra antzeman daiteke: muino eta herrien lerro bat –Elosu, Nafarrate–, denak etsaiaren, Bestearen, esku, hau da, militar matxinatuen eta eskuindar boluntarioen kontrolpean. Zerumugaren lerroko elementu oro Errepublika eta euskal autonomia suntsitzera bideratutako gerra-makineriaren parte zen. "Haratagoko" herri eta txoko oro, berriz, hemendik sartu ezin zitekeen leku bat zen, frankismoaren ondorengo errepresioaren ondorioz – fusilamenduak, gartzela, erbestea, etab. –, beharbada, inoiz gehiago itzuli ezin izango zen leku bat. Finean, lurralde baten ikuspegia erditik moztuta eta gerraren eta jazarpen politikoaren izugarrikeriak menderatuta.
Eusko Jaurlaritzako Defentsa Sailak 1937an Olartegitik ateratako panoramika (Iturria: Avilako Artxibo Orokor Militarra).
QR 4 OLARTEGIKO BUNKERRA
(43.00704, -2.68936)
Geroztik landatutako pinadi baten barruan, baina oso gertu, iritsiko gara lubaki-bunker gune batera. Hemen ere, landaretza gabeko aldapak imajinatu behar ditugu “ikusteko” eta ulertzeko lekuaren garrantzia.
Gerra zeharo politikoa
Olartegiko defentsa-lerro errepublikanoa EAJren "Gatzaren Matxinada Batailoia" izenekoaren esku zegoen. Batailoi horrek, besteek bezala, bere borrokalariek estimutan zuten gertaera edo pertsonaia historiko batengandik jasotzen zuen bere izena. Gogoan izan behar da beste euskal batailoi batzuek honako izen hauek zituztela: "Sacco eta Vanzetti" anarkista (1927an AEBetan exekutatutako bi sindikalista etorkin italiarren omenez), "Rosa Luxemburgo" komunista (1919an exekutatutako izen bereko militante alemaniarraren omenez) edo "Madril" sozialista, gotorlekuak Keturako grafitiz apaintzen zituena [1] eta izena errepublikanoek espainiar hiriburuan erakutsitako erresistentziaren gorazarrez zuena. Bizkaian gertaera historiko bat izan zen 1631 eta 1634 bitartean, Gatzaren Matxinada, non nekazariak eta burgesak Erregeren autoritatearen aurka matxinatu ziren, hark gatzaren salmenta monopolizatzeko hartu zituen neurriengatik. Euskal gudariek, era horretan, espainiar monarkiaren aurkako euskal matxinada hari beren omenaldi berezia egiten zioten.
Euskal batailoien izenen inspirazio ideologikoak eta haien osaera sozialak – batez ere hasieran, boluntarioez osatuak baitziren gehien-gehienak– gatazka haren izaera gordinki politikoa azpimarratu besterik ez dute egiten. Gerra tentsio politiko batzuen indarkeriazko gauzatzea zen, eta herritarrek, subjektu politiko diren aldetik, protagonismo nagusia izan zuten haren garapenean.
Menditik gabiltzala, ordea, gerraren aztarna arkeologikoak nahiko mutuak dira horri dagokionez. Lubakietako lur erauzian edo metrailadoreen habien hormigoian ez da politikarik nabari. Hala ere, inspirazio politikoren bat egon behar zuen 1936 eta 1937 artean milaka gaztek fronte hori eraiki eta euts ziezaioten.
Olartegiko defentsa-lerro horretan, adibidez, lubakien sigi-saga bihurria ikusten dugu, baita hormigoizko habia angeluzuzen gotortu bat ere. Kokapen horiek guztiak hegoalderantz begira dira, Arabako Lautadarantz, armada frankistaren esku baitzegoen hura. Dena dela, mendi horren iparraldeko hegalean oraindik ere ikusten dira harrizko txabolen hondakinak, hemen kantonatutako troparen babesleku izan zitezkeenak.
Hormigoizko habi gotortua Olartegin
QR 5 OLARTEGIGANA
(43.00676, -2.69165)
Aldapan gora iritsiko gara ikertu ez diren gune ezberdinetara: hegoaldera begira bunker eta lubakien aztarnak , eta iparralderago txabola edo“babes lekuak” izan zitezkeen ondakinak.
Amaitu gabeko frontearen iragankortasuna
Eusko Gudarostearen aldetik gotorlekuen eraikuntzak 1937ko martxoan jo zuen bere une gorena. Ustezko ofentsiba aurreikusita, agintari errepublikanoek txosten batzuk egitea agindu zuten lanen egoera ezagutu ahal izateko.
Egitura hauek guztiak eta gotortzeko esfortzua alferrikakoak izan ziren etsaiek aurrera eraman zuten ofentsiba handiaren aurka. 1937ko martxoaren 31n Mola generalak berak burutu zuen artileria eta abiazioa –Kondor legio aleman beldurgarria- Nafarroako Brigadekin erasoaldi bateratua Arabako fronteko posizio errepublikanoen aurka. Historialari batzuek esaten dute hura izan zela historia militarrean lehen aire-lurra erasoaldi bateratua, Bigarren Mundu Gerraren aurrekaria.
Ondorioz, apirilaren lehen asteetan, Eusko Gudarostearen milaka soldaduk lehen atzeraegite handia egin zuten bakarrik egun batzuetako eraginkortasuna izan zuten egitura defentsiboak atzean utzita. Iragankortasunaren benetako gauzatzea.
QR 6 OLARRE ETA KARAKOATXAKO PLANIMETRIA MAHAIAK
Olarre (43.00622, -2.69696); Karakoatxa (43.00859, -2.70096)
Behin mendigana hartu ondoren, bidean aurrera portalezko bi plataforma arkituko ditugu Olarre eta Karakoatxa mendietan. Garai batean leku irekietan, biak berdintxuak tamainan eta forman, Karakoatxakoak azpian gela txikia badu ere. Adituen arabera, planimetria mahaiak behaketa eta zuzenketa guneak ziren eta Ubide inguruan izkutatzen ziren kañoi bateriekin komunikatzen ziren tiroak zuzentzeko.
Olarreko planimetria mahaia
Gerra zuzenean
1937ko martxoaren 13an Arabako Frontearen buruak, Gabriel Aizpuru teniente koronelak, “Rebelión de la sal” batailoi abertzaleak defendatzen zituen posizioei buruz zera idatzi zuen:
“Zanga sinpleek txarrantxarekin osotzen dute lubakia (…) Metrailadore gune bat dauka eta beste bat hormigoikoa, bidean. Beste lubaki batzuk ari dira egiten aurrekoaren aurretik trokaren malda hobeto babesteko”
Aipatzen den “ hormigoizko bestea” agian bat dator Olartegiko gainaldean dagoen egitura kubiko bitxi batekin. Dena den, txosten honek eraikitzen ari zen fronte batera garamatza. Amaitu gabeko frontearen pertzepzioa osotzen da Keturako bunkerretako grafitiak 1937ko martxoaren 10ean bukatu zituzten ideiarekin, inskripzioetan ikusten den bezalaxe.
QR 7 ZIZKINOKO TXABOLA
(43.01460, -2.71283)
Mendipean berritu berria dagoen txabolaraino, “Pipas”, Antonio, Zizkinoko txabolara, alegia. Bertan elkartzen dira Ubidetik datorren “el camino de los rojos” edo “gorrixen bidea”, Muruko harrrobietatik datorrena, Gorostizakoa eta ekarri duguna; inguruan hainbat gune interesgarri aurkituko dugu, gerrakoak ezezik, kobazulo, “zurrunpo”, herrixka arrasto, artzantza guneak…
Ardiak, mapak eta armadak
Zizkino mendia (854 m) kareharrizko tontor txiki bat da, piramide itxurakoa. Lapiazeko pitzaduren artean, Gerra Zibileko defentsa-lerro errepublikanoetako lubaki batzuen aztarnak gordetzen dira oraindik ere.
"Pipas"en txabola, Zizkinon. 2020an konpondu baino lehen
Gune honetan egiten den edozein ibilbidek funtsezko geldialdi bat du txapazko estalkia duen harrizko txabola batean, gailurretik gertu. Egitura horrek mendi hauek benetan ezagutzen dituen giza taldera zuzentzen gaitu: artzainak. Izan ere, artzaintza garrantzi handiko jarduera izan da, mendeak joan mendeak etorri, tokiko komunitateen biziraupenerako hala nola lurraldearen ezagutza eta kudeaketarako.
Eremuaren ezagutza sakon hori, benetako mapa mentalen eran, funtsezkoa izan zen gerra garaian. Izan ere, gatazka hasi zenean egun Gorbeialdea denaren eskualde osoan bi aldeek errezeloz begiratzen zieten artzainei. Lurralde ez oso handi baina astun eta ez oso ezagun bateko transhumante horiek ez zuten alde batekoen edo bestekoen ezagutza espezifikorik, eta batzuen eta besteen espioitza-susmoen jomuga izaten ziren. Horren adibidea da Marcelino Iduya, 60 urteko artzain zigoitiarra, zeina matxinatutako agintariek fusilatu egin baitzuten 1936ko abuztu erdialdean, espioia izatea egotzita.
Artzainek gerran emandako laguntzaren garrantzia agerian geratu zen, halaber, 1936ko irailaren hasieran errepublikanoen eremuan matxinatutako indarrek 1.000 ardi baino gehiago lapurtu zituztenean. Gaueko "operazio" bat izan zen, eta zaila da imajinatzea hura artzain profesionalen laguntzarik –borondatezkoa edo derrigortua– gabe egitea.
On Kixote Mantxakoaren pertsonaia literarioak ardi-taldeak eta armadak nahasten zituen Urrezko Mendea izenekoan. 1936an, XX. mendean, kartografiak egiteko aurrerapen tekniko guztiak gorabehera, artzainek eta haien ezagutzek benetako goi-aginte baten balioa izanez jarraitzen zuten.
Zizkinoko txabola, 2020an konpondu ondoren
QR 8 DIZIPLINA BATAILOIAREN LEIZEA
(43.0578, -2.71626)
Leisarandarantz berrehun bat metro atzera eginez gero, seinaleak arkituko ditugu, batetik Oketa mendira igotzeko eta beherantz eginez, leize ikusgarri batean desagertzen da. Halako beste asko daude inguruan (zurrunpo eta torko esaten zaie Zigoitian), eta xarma berezia ematen diote lekuari. Baina honek sekretu ikaragarria gordetzen du bere baitan: barruan dagoen kobazulo batean gerrako gatibuen kartzela izandakoa aurkituko dugu. Kontu handiz bertaraino jaitsi liteke eta sarreran, hizki onez zizelaturik irakur liteke B(atallón) Disciplinario. Gainerako istorio guztiak errazak dira imajinatzen.
Zelatatu eta zigortu
Leize hori, ekialdean haitzulo bat duela, paisaia karstikoaren elementu bereizgarri bat da. Kareharrizko harkaitzean urak duen higadura-funtzioak sortzen ditu lurpeko paisaia horiek, lurpea urratu egiten dela eta kanpoalderantz bidea irekitzen dela ematen baitu.
Nolanahi ere, paisaia honek uste ez zen helburuetarako balio izan zuen: zelatatzeko eta gaztigatzeko. Michel Foucault (1926-1984) filosofo frantsesak, XX. mendeko pentsalari garrantzitsuenetakoa denak, "panoptiko" –"dena ikusten duena", edo antzeko zerbait– kontzeptua erabili zuen erakunde errepresibo modernoen –kartzelak eta ospitale psikiatrikoak, kasu– kontrol- eta zaintza-idealari erreferentzia egiteko. Panoptikoaren funtsa da zentro baten egiturak berak ziurtatzen duela zaindariak subjektu zapalduak puntu beretik eta ikusiak izan gabe kontrolatu ahal izatea. Bazitekeen hori izatea, 1936. eta 1937. urte bitartean, lekua hartzeko erabakia gidatu zuen printzipioa.
Keturako gotorleku errepubli-kanoetan bezala, grafitiek istorio harrigarri batez hitz egiten digute. Izan ere, kobazuloaren sarreran honako inskripzio hau irakur dezakegu: "Bon Disciplinario". Uste da hitz horiek Diziplina Batailoiari buruzkoak direla, nagusiki zigortuez, desertoreez eta susmagarri ideologikoez osatuta zegoen Eusko Gudarosteko taldea, hain zuzen. Beste armadetan nola, Errepublikarekiko leiala zen armadarentzat beharrezkoak ziren (eta oso atseginak ez diren) lanak egiteko eskulan "ez leiala" aprobetxatzea zen batailoi horren jarduera gidatzen zuen printzipioa.
Haitzulo horrek sarbide zaila du, eta, gainera, leizearen ertzaren edozein aldetatik kontrola daiteke. Leize horretako bizi-baldintzak benetan zailak izan behar zuten, baina badirudi Eusko Gudarostearen beharrak eta "erreboltari" deiturikoen zaintza eta zigor printzipioak presoei tratu zuzena ematearen gainetik lehenetsi zituztela. Izan ere, gatazkaren testuinguruan, demokrazia errepublikanoaren eta euskal autonomiaren defentsaren bandoan zigorra izugarri irmoa izan zitekeen, gerra gero eta gehiago gogortuz joan zen heinean, batik bat.
Haitzulorako sarbidea (ezk.) eta Diziplina Batailoiaren inskripzioa (esk.).
QR 9 «GORRIXEN BIDEA»
Bertatik ateratzen zen Ubiderainoko bidea, Errepublikako presoek egina, gerra materiala, armak-eta Zizkino aldeko frontera igotzeko. Ez dakigu zenbateraino erabili zuten militarrek, mendizaleek ordea, sarri, eta bertatik egingo dugu beherantz. Abiapuntutik gertu, txabolaren azpian aurkitzen da inguruko pagorik handiena, “candelabro” tankerakoa. Ederra, benetan. Bidean aurrera Urreskortako iturria ondotik igaroko gara.
Arabako iparraldean 1936tik 1937ra bitartean de facto eratu zen fronteak gaur egun Gorbeiako Parke Naturala osatzen duen mendilerro garrantzitsua aprobetxatzen zuen, hein handi batean. Gerrako euskal fronte osoaren punturik altuenak 1.500 metroko garaiera zuen, hots, Gorbeia mendiaren tontorra. Mendiak hesi naturalak ziren bi aldeen kontrolpean zeuden lurraldeen artean, Araba (matxinatuen eskuetan) eta Bizkaia (Errepublikarekiko leial). Gailur bakoitza etsaiari behatzeko posizio bihurtzen zen berehala, baita tiro egiteko gune pribilegiatu ere.
Hala ere, fronte menditsu horrek hainbat arazo zekartzan. Alde batetik, pentsatu behar dugu bi aldeetako borrokalariek 1936-1937ko neguari aurre egin behar izan ziotela muino horietan, ia beti baldintza oso eskasetan biziraunez. Bestalde, Gorbeia mendiguneko mendiek biztanle eta ezagupen gutxiko lurraldea osatzen dute, malda handiz betea eta erosotasun handirik gabea. Eta, azkenik, mendiko fronte bat izateaz gain, ekialdetik mendebaldera antolatzen zen, eta kontuan hartu beharrekoa da hori, euskal haran gehienak iparraldetik hegoaldera eta alderantziz ezartzen baitira. Horrek esan nahi du posizio ezberdinen barne-konexiorako malda handiak gainditu behar zirela, etengabe.
"Gorrixen bidea" Zizkinotik gertu
Horren haritik, Eusko Gudarosteak mendiko hainbat errepide eraikitzeari ekin zion, hainbat defentsa-linea lotzeko eta postu horiek behar bezala hornitzeko. Hala, 1937ko lehen hilabeteetan, Diziplina Batailoiaren eskulana arduratu zen Bizkaiko Ubidea herria –sektore buru eta kuartela zen– Gorbeiako urtegiekin lotuko zuen bide bat eraikitzeaz. 1937ko martxoaren 31n, frankisten erasoaldi handia hasi zenean, errepide hori artean amaitu gabe zegoen.
Gatazkaren ondoren, zortzi hamarkada igaro eta gero, bere jatorri historikoari erreferentzia eginez deitzen den “Gorrien Bidea" izenekoa aproposa da mendi-ibilia egiteko. Baina azpimarratzekoa da haren paradoxa, eraiki zutenak, hots, Diziplinaren presoak, eskuindarrak baitziren hein batean eta ez, preseski, “gorrien” lagunak.
QR 10 UBIDE - SANTA ENGRAZIA bidegurutzea
(43.01668, -2.70122)
Gorrixen Bide erdian, gutxi gorabehera, Ubide-Santa Engrazia bidegurutzera iritsiko gara: ezkerretik Ubidera eta eskuinekoak Santa Engraziara eramango gaitu.
Olagotiko sistemaren lubakien arteko elkargune baten ikuspegi partziala.
Iragarritako porrot baten kronika
"Gorrien Bidea" uzten denean bideak behera egiten du, baina oraingoan errepublikanoen bigarren defentsa-lerro baten ibilbideari jarraituta. Olartegiko posizioetan bezala [2, 3 eta 4], lerro luzeko sigi-saga bihurgunetsuak erritmo berezia eransten dio paisaia honi. Lubakiak malda oso handietara egokitzen saiatuz eraiki ziren, mapa bateko sestra-kurbak nola, baina defendatzaileei zaintzarako eta defentsarako postu onak eskainiz. Nolanahi ere, 1937ko martxoan, sektore osoa suntsituko zuen ofentsiba frankista handiaren bezperan, euskal agintariek gogor kritikatzen zuten gotorleku horien egoera.
Bigarren lerroari dagokionez, oro har, nahikoa geratzen da egiteko. Lehenik eta behin, erresistentzia-lerro osoa falta da; izan ere, egindako lubakiak lehen zaintza-lerro bat besterik ez dira, eta, leku batzuetan, lehen lerroaren posizioek garaitzen eta menderatzen dituzte. Gainera, aipatu eragozpen hauek ditu: ez du artilleriako suaren aurkako babesik eta hegazkinen bonbardaketen aurkako babeslekurik.
Gabriel Aizpuru teniente koronelak eta Arabako Frontearen buru zenak 1937ko martxoaren 13an idatzitako txosten horretan tonu nahiko kritiko eta ezkorra antzematen zaio defentsa-lerro horri buruz. Halako moldez, non, eraso frankista hasi zenean artilleriaren eta alemaniarren laguntza erabakigarriarekin, ezinezkoa izan baitzen posizio horietan benetako erresistentziarik egitea.
QR 11 SANTA ENGRAZIA
(43.01085, -2.68547)
Markatutako bideari jarraitu, eta XX. mendeko harrobi baten ondoan, garai bateko galtzada ondoko ermita-ostatura joko dugu. Gerra arte funtzio erlijiosoaz gain, erromeria-gunea izan zen. Bitxiak dira barruko pinturak. Nolatan iritsi ziren toreroak eta “bailaorak” Legutioko baseliza honetara? Nola ulertu zergatik ez den babestu egurrezko sabai-teilatu aipagarria? Bolborategia, aterpe, urtegietako langileentzako etxea, baserria, eta egurtegi izanak lagunduko al du erakundeen utzikeria ulertzen?
Santa Engrazia baseliza eta antzinako ostatua (Legutio).
Andaluziar toreatzaile, emakumezko flamenko eta anarkistak
Santa Engrazia baseliza izen bereko ibaiaren ondoan dago eta Zigoitia eta Legutio udalerrien arteko muga betean. Gune interesgarri eta konplexua da, nahiz eta kontserbazio-egoera prekarioan dagoen. Jatorrizko eremu erlijiosoa baserri batean integratu dute, eta kanpotik zaila da baseliza bat denik antzematea. Alabaina, jatorrizko egurrezko egitura nahiko ondo kontserbatzen da barruan.
Santa Engrazia baseliza festa eta bilera gune garrantzitsua izan zen denbora luzez. Urtero, apirilaren 16an, inguruko herri guztietako bizilagunak joaten ziren bertara, ondo pasatzeko asmoz. Helburu hori lortzea erraza zela zirudien, Villarrealeko Udala (egun, Legutio) bertaratutakoentzako ardoz betetako hainbat zahagi jartzeaz arduratzen baitzen.
Gerra Zibilean, baseliza Eusko Gudarostearen aterpe eta biltegi izan zen. Garai hartakoak dira seguruenik adierazpide artistiko oso berezi batzuk, eraikinaren barruan oraindik ere ikusgai daudenak. Egurrezko habeen artean, zezen motiboak dituzten marrazki xume batzuk ikus daitezke. Horrela deskribatzen zuen 1937ko borroken ondoren aurkitu zen eszena Jose Maria Gonzalez de Echavarrik, Valladolideko Unibertsitateko irakasle eta kausa frankistaren propagandista leialak:
«1936ko abenduaren 23a. Honelaxe pasatzen zuten denbora gorriek, hormak zikintzen! Marrazki groteskoak baseliza barruan. Toreatzaileak eta emakumezko flamenkoak eliza batean margoturik andaluziar anarkista batzuen eskutik.»
Baseliza barruko marrazkien irudia 1938an (ezk.) eta orain (esk.).
Lerro horiek Gonzalez de Echavarrik 1938an Informe sobre la situación de las Provincias Vascongadas bajo el dominio rojo-separatista (Gorri-separatisten agindupeko probintzia baskongadoen egoerari buruzko txostena) izenburupean argitaratu zuen lan batekoak dira. Gaur egun, ez dugu anarkista andaluziar horien presentziaren berririk, baina jakina da "Fulgencio Mateos" eta "Madrid" batailoi sozialistak egon zirela hemen. Baliteke toreatzaile eta emakumezko flamenkoen marrazki multzo deigarri hori gaur egunera arte iritsi zaizkigun aztarna material urrietako bat gehiago izatea.
Bestalde, azpimarratzekoa da Santa Engrazia baseliza desakralizatua izan zela 1940ko hamarkadan. Francoren diktaduraren politika ekonomikoen barruan Urrunagako (Araba) eta Undurragako (Bizkaia) urtegien eraikitzeak tenpluaren inguruetan harrobi handi bat irekitzea bultzatu zuen. Era horretan, baselizak galdu egin zuen topagune izateko zuen funtzioa, eta berriz ere babesleku –oraingoan, urtegietako langileena– eta biltegi –obrako material eta makinena– bihurtu zen.
Balio historiko handiko txoko berezi horretan amaitzen da Gerra Zibileko euskal fronte errepublikanoaren ibilbidea. Hainbat kilometroko lubaki, metrailadoreen eskutada bat habi eta beste gerra-egitura batzuk eta beste bizitza- eta heriotza-espazio batzuk ezagutu ondoren, ikaskuntza kolektiborako oroitzapena da beste edozeinen gainetik gailentzen den printzipioa, betiere bizikidetzaren eta giza eskubideen praktika kontzienterako. Erresistentziaren minetatik eta porrotaren atsekabeetatik bizikidetzaren hazia sortu behar da, non guztiok geure lekua izango baitugu.
QR 12 TIRATZAILEEN GUNEA
(43.00735, -2.68375)
Santa Engraziako bidegurutzean, 11. puntuan aurrera eginez gero, errepide nagusiaren gaineko bide paralelo batetik joko dugu. Defentsa leku garrantzitsua izanik hainbat gerragune aurkitu litezke, tiratzaileentzako lubakiak bezala.
UBIDE
(525461.25 m E, 4763490.72 m N)
10. Puntutik bide nagusitik jarraituz gero, jatorrizko “bide gorriak”, Ubidera eramango gaitu, gerra materialak igotzeko propio eta zuzen egindako zubiraino. Geroko batzuen axolagabekeria eta besteen egoismoak ixten digu berezko bide amaiera, eta pilotalekutik bueltan egin beharko dugu txangoa amaitzeko.
Ubide, "Gorrixen bidetik"