Letona Urisolo

1- ZAITEGIKO GAZTELUA - SAN BITOR BASELIZA

Zaitegiko gaztelua. Historia apur bat

Goi Erdi Aroko garai ilunetara jo beharrean gara gotorlekuari buruzko lehen erreferentziak aurkitzeko. “Via Zatica” (Zatika bidea) aipatzen da IX. mendeko agiri batean, eta, M. Portillaren arabera, Zaitegitik abiatuz Zigoitia alderik alde Ollerieta biderantz zeharkatzen zuen bide bat izan behar zuen.

Balio estrategiko handiko tokia izan behar zuen, aipatu bidearen eta beste batzuen bidegurutzea kontrolatzen baitzen bertatik, Zuiatik Bizkaira eta Gorbeia mendiaren magalera zihoazenak. Iturri tradizionalek Arabako gaztelu zaharrenetakotzat dute Zaitegi. Landazuri kronikariak idatzi zuen Arabako defentsa eta segurtasuneko lau gotorlekuetako bat zela antzina, Zaldiaran, Argantzon eta Araiarekin batera. Lazarraga historialariak idatzi zuenez, Zaitegiko gaztelua "Çaitutegui deitu zen bere lehen ahoskera baskongadoan, espainieraz ‘Zain beza toki hau’ esan nahi duena”.

Baina XII. mendearen bigarren erdira arte ez da agertuko gotorlekuaren idatzizko lehen erreferentziarik. Garai nahasiak ziren haiek gure lurraldean, aldaketa askokoak. Gure lurraldea Nafarroako erresumari leial jarraitzen zion bitartean, Bizkaia Gaztelaren eskuetara pasatua zen. Horregatik, Gaztelako Erresumak zabaltzeko zuen asmoaren aurrean, Antso Jakituna errege nafarrak, erresumaren mendebaldeko zatia babesteko asmoz, Gasteiz (1181) bezalako hiribilduak sortu eta Zaitegiko gaztelua bezalako gotorlekuak eraiki (berreraiki?) zituen.

Gutxi iraun zuen, ordea, Zaitegiko gotorlekuak Nafarroaren eskuetan. Izan ere, Alfontso VIII.ak Gasteiz setiatu zuen 1199an, eta hiriak zazpi hilabetez eutsi bazion ere errenditu egin zen azkenean, kanpoko laguntzarik jaso ezinik. Hortik aurrera, 1200. urteaz geroztik, gaztelania gailendu zen Araban, eta Gipuzkoa eta Durangaldea ere anexionatu zituen.

Zaitegi, beraz, ez zen izan gaztelu feudal bat, adibidez Mendozaren tankerakoa. Aitzitik, erregerena zen, eta hark izendatzen zituen gazteluan agintea zuten alkaide edo tenenteak. Pertsonaia garrantzitsuak ziren horiek Iruñeko gortean, eta lau tenente badira agirietan jasota Nafarroaren subiranotasun garaian.

Gaztelarrek Zaitegi konkistatu ondoren, gazteluak jada ez zuen izan eraiki zenerako funtzioa, eta gainbehera-garai bat hasi zen, XV. mendean erabat abandonatu zen arte. Ondorioz, eraikina hondatu egin zen, eta aurri bihurtu. Zutik jarraitzen zuten hormak aprobetxatuz, Letona eta Zaitegiko bizilagunek San Bitor baseliza eraiki zuten XVI. mendean.

Gazteluaren deskribapena

Gaztelu eta baselizaren ekiaaldeko horma

Lekua Iñaki Sagredo arkeologoak aztertu izan du, Nafarroako erresumako gotorlekuen azterlari adituak. Berak zuzendu zuen duela urte batzuk indusketa bat, eta datu interesgarriak atera ziren hartatik.

Gotorlekuko elementu nagusia dorre bat zen, oinplano pentagonalekoa, gailurraren ekialdeko muturrean, zeinak dorre zilindriko txikiz babestutako harresitutako esparru bat ixten zuen. Indusketan, arkeologoek dorre beraren azpian zegoen eta teilatuetatik zetorren euri-urarekin elikatzen zen uharkari gainean zituan hondakinak kendu zizkioten.

Itxura guztien arabera, eraikuntza-sistema Gasteizko harresian aurkitutakoaren antzekoa zen, eta, beraz, pentsa daiteke eraikitzaileak berberak izan zirela bi bastioietan.

San Bitor baseliza

San Bitor baseliza 2019ko teilatuaren konponketaren aurretik eta ondoren

Erdi Aroko gazteluaren hondakinen gainean eraiki zuten baseliza hau duela 500 urte inguru. Ordutik, Zigoitian, San Bitor deitzen diogu mendilerroaren ipar-ekialdeko muturrean dagoen tontor horri. Zaitegi eta Letona herriak menderatzen ditu, eta inguruko herrietatik ez ezik, Arabako Lautadako edozein tokitatik ere ikus daiteke.

Abuztuaren 26an ospatzen zen santuaren eguna, eta bi herrietatik erromerian igotzen ziren baselizara. Lehorte garaian ere joaten ziren auzotarrak, erregutean. 1970 aldera utzi egin zitzaion jaia ospatzeari, mendiaren magala erre zuen sute batek baseliza hondatu eta gero. Gaur egun, ermita berreskuratu nahian diren Letonako bizilagunek berriz ere urtero erromeria ospatzeari ekin diote.

2.- URISOLOKO KASTROA

Bataila gunetik mugitu gabe, baina 2000 urte atzera eginez, Burdin Aroko populazio loretsu bat aurkitzen da lur beraren gainean.

1968an, Isidro S. de Urturi konturatu zen toki horretan naturari egotzi ezin zaizkion tumulu-formazio batzuk daudela, eta Arabako Arkeologia Institutura jo zuen; arkeologoek ondorioztatu zuten hango lur eta harrien pilaketa handiak historiaurreko gaztelu baten harresiaren hondakinei zegozkien lerro bat osatzen dutela.

Gerora beste hainbat esku-hartze arkeologiko ere egin izan dira, Armando Llanos eta Maria Nieves Urrutiaren zuzendaritzapean, eta emaitza interesgarriak lortu dituzte, zeinak ondoren laburtzen dizkiguzue.

Kastroaren ezaugarriak

Kastroak triangelu formako espazio bat hartzen du, mendebaldeko erpina duelarik altuera handieneko puntua (794 m), ekialderantz jaisten dena malda leunean. Ondo bereizitako bi eremu ditu, 7,5 hektareakoa bata eta 3,39 hektareakoa bestea. Kastroaren eremua ezin hobeto mugatuta dago iparraldera eta hegoaldera, defentsa natural gisa erabili ziren bi malda harritsuren bidez, eta baita ekialdera ere, alderik irisgarriena iparretik hegoaldera gurutzatzen duten bi defentsa-lerro tarteko.

Bi defentsa-lerro artifizial horiek zedarritzen dituzte herrixkaren bi eremuak. Lehen gunea, altuena eta txikiena, mendebaldean, jendea bizi zen eremua zen, akropolia, arkeologoen arabera; beste guneak, zabalagoa edo kastro aurrekoa, ez zuen horren erabilera zehatzik, ziurrenik ganadua gordetzeko esparrua zen.

Egindako arkeologia-prospekzioetan animalien hezur arrastoak eta zeramikazko material ugari aurkitu dituzte, baita metalezko elementuren bat ere. Goban ere zundaketa bat egin zen, eta bi erabilpen fase utzi zituen agerian ondo bereizitako geruzetan, kastroaren garai bertakoa eta, ondoren, Erdi Arokoa.

Itzultzeko bideari ekiteko, kastroaren antzinako sarrera bilatuko dugu, pasabide bat irekitzen da harresiaren hondarren erdian, eta bideak bertatik jarraitzen du 2500 urteren ondoren ere. Jaitsiera txoko batzuk bisitatzeko aprobetxatuko dugu. Adi bagaude, inguruan jada desagerturik diren bizimoduari buruzko istorioak azalduko dizkigute.

ARRATO

Arrato mendikatea

Mendi horiek Zigoitiaren hego-mendebaldean daude eta Zuiako haranarekin eta Forondako antzinako udalarekin partekatzen ditugu. Altubeko autobiak banantzen ditu gainerako ibarretik, eta Apodaka, Letona eta Zaitegi herriak hartzen ditu.

Orografia oso gorabeheratsua du mendilerro honek, ibar sakonekin, urtaroko erreka txikiak igarotzen direlarik bertatik. Tontor ugari ditu, baina horietako bakar bat ere ez da nabarmentzen; kotarik altuena Armikelo da (888 m), eta Zigoitiko mugetatik kanpo dago; Llana gaina, oso gertu eta antzeko altueran, eta Amarituko gaina (789 m) dira gure udalerriko gailur nagusiak.

Arraten mediterraneoko landaredi mota da nagusi, eta harrigarria da hori, kontuan hartzen badugu Gorbeiako mendi-hegaletan pagadi, harizti eta amezti hostotsuak daudela, zuhaitz bereziki atlantikoak, eta ez dago ia halakorik Arraton. Soilik leku itzaltsuetan eta Iparraldera ondo ematen duten tokietan hazten dira pagoak. Zuhaitz nagusia artea da, gurbitza eta girgirioarekin (karrazkilloa) batera.

Urisoloko haitzuloa

Arratoko ibilbide honetan azaldutako toki guztien artean, hau da enigma gehiena sortzen duena. Haitzuloa Gobatik 100 metro ingurura dago, kastroa inguratzen duen harkaitzaren ertzean bertan.

Arkeologoek esku hartu aurretik pitzadura bat baino ez zen haitzean, eta garapen handirik gabea zirudien, harik eta barrura sartu eta harrizko bloke handiekin egindako horma batek barnean ganbaratxoa edo espazio txiki huts bat ezkutatzen zuela ikusi zutenean. Horma horrek, era berean, leizea nahita betetzeko erabili zen lurrezko betelanaren tope lana egiten zuen (betelanean aurkitutako zeramikazko materialetik ondorioztatzen da hori). Barrunbea, lurra eta barruko horma ixten zituzten bloke handiak kentzean, beste galeria txiki bat aurkitu zuten, ganbaratxoaz gain. Animalien hezur arrastoak baino ez zituzten aurkitu barruan.

Zer zuen haitzulo horrek, barruan harresi bat eraiki eta gero guztia bete eta harrizko bloke handiekin estaltzeko lan izugarria hartu izateko? Prospekzioa egin zuen taldeak honako hipotesi hau du: bertan bizi zen izate gaiztoren bat hantxe barruan itxi nahi izan zen, Euskal Herriko beste barrunbe batzuetan behin eta berriz errepikatzen den ustea, hain zuzen.

3.- ARRATOKO BATAILA

Gertaera horretan kokatzeko ez dugu denboran atzera egin beharrik, 500 bat metro baino ez dugu egin behar mendilerroan San Bitor mendebalderantz, Sanbitorlandatik (gaztelu azpian) Azkorreta gainerantz igotzen den bidetik; malkarrera iritsi aurretik, artez eta girgirioz estalitako Urisolo izeneko ordeka aurkituko dugu.

1200. urte inguruan, ziurrenik Urisoloko zelai hauetan, herrialde osoa hunkitu zuen gerra ekintza bat gertatu zen.

Lehen ere aipatu izan dugu garai nahasiak zirena; gogoan har gaztelar erregek Araba anexionatu zuela Gasteiz konkistatu eta gero. Baina ez ziren erregeak bakarrik liskarrean; euskal noblezia ezin adiskidetuzko bi aldetan banatuta zegoen, eta bando bakoitzak, hasiera batean familia-loturek elkartuta, bere buruak zituen, Ahaide Nagusiak izenekoak: Arabaren kasuan, oinaztarren bandoak Mendozatarren familia zuen buruan, eta ganboatarrenak, berriz, Gebara leinua.

Estibalitzen, ohitura zuten legez, konpontzen jakin ez zuten hainbat laidoren ondorioz, Lope Gonzalez de Mendozak eta Iñigo Velez de Guevarak, bi bandoetako buruek, eguna eta tokia elkar adostu zuten batailarako Arraton. Iritsi zen hitzartutako eguna, eta han azaldu zen aurkari bakoitza senide eta aliatuek osatutako osteekin; baina ezustekoa izan zen, Gebarako jauna ganboatarren aliatu ziren Gipuzkoako baleztari talde batez lagunduta azaldu baitzen, eta Mendozakoak ez zuen horrelakorik aurreikusi.

Gudua ez zen izan parekatua, bi bandoetan gizon asko hil ziren arren, eta jarraitzaileak Lope Gonzalez de Mendoza oinaztarren burua erori zela konturatu ziren arte jarraitu zuten borrokan. Elezaharrak dioenez, Gebaratarrek, garaipenaren ondoren, Apodakara jaitsi zuten haren gorpu biluzia, eta haren eten-uhala Gasteizera eraman omen zuten, iseka handiagorako, bertako merkatuan saltzeko.

Undako Goba edo Berrogei Zaldunena

Oinaztarren buruzagia hilik, ihesari eman zioten bere jarraitzaileek, eta garaileak, berriz, haien atzetik atera ziren. Galtzaile talde bat gudu-zelaiaren inguruan zegoen leize batean babestu zen ospa egitean. Hortik datorkio kobazuloari izena, aipatzen baitu berrogei zaldun, euren zaldiekin, bertan aterpe aurkitu zutela, eta jazarleek harrapatuak izatetik libratu zirela.

Bataila hark gure arbasoen oroimenean iltzaturik jarraitu izan du gaurko egunera arte. Ez da urte asko Zacarias Ayalak, Letonako auzotarrak, istorio hori kontatzen ziola Isidro S. de Urturi ikerlariari.

Arratoko mendietan badira beste haitzulo batzuk ere, Llana edo Eskorripea esaterako, baina txikiagoak dira. Goba aurkitzea ez da erraza, sarrera ez du eta bistan; Urisoloko larra mugatzen duen amildegiaren ertzean dago.

4.- IKAZTEGIA ETA ARTEA

Kastrorako sarreratik 400 bat metrora, haren aurreko harresia gurutzatuko dugu, nagusia baino txikiagoa. Beste 600 metro jarraituko dugu behera, eta, bidearen ezkerraldean, joan den mendearen erdialdean ikatza egiteko balio izan zuen zabalgune bat ikusiko dugu; paraje horietan piztu zen azken ikaztegietako bat da.

Hortik oso hurbil, bidea ixten duen hesiaren ondoan, tamaina handiko arte bat dago lepatuta, interesgarria, Arraton jada ez baitira dimentsio horietako asko geratzen. Herritik oso gertu dago, eta haur askoren jolasleku izandakoa da, oraindik gogoratzen dutenez.

5.- ZUBIA ETA ITXIERA

Behera jarraitzen dugu, Letonara bueltan garamatzan bidera ematen duen arte. Jaitsieran herria ezkerrerantz dagoela ikusi dugu, baina 150 metro eskuinerantz desbideratuko gara, deigarri egingo zaizkigun bi elementu ikusteko: lehen-lehenik, bi harriekin bakarrik eraikitako zubi batekin egingo dugu topo bidearen alde batean, biak ala biak tamaina itzelekoak. Ez dakigu noiztik dagoen, baina historiaurreko eraikuntza megalitikoak (edo Harriketarrak) ekartzen dizkigu gogora.

Aurrerago, bidetik metro gutxira, beste harri berezi bat ikusiko dugu: lurrean iltzatuta dago, 1,5 metrotik gora gailentzen da, eta zuloa du goialdean. Bere garaian, bidea ixten zuen eta ganaduaren kontrolik gabeko pasabidea saihesten zuen langa eusteko balio izan zuen. Harri honen gisako beste asko egon ziren Zigoitian herri guztietako bide irteeretan, eta, gure ustetan, hau da bere jatorrizko tokian geratzen den bakarra. Baina harri horren interesa haratago doa: bere formari erreparatzen badiogu, Erdi Aroko sarkofago baten estalkia dela ikusiko dugu.

6.- LETONAKO ITURRIA

Herrira bueltan, harritu egiten gaitu nabarmentzen diren bi eraikinen soslaiak: elizaren dorrea eta jauregi dorrea, ibilbidearen hasieran jakinarazi ditugun horienak. Jaitsi dugun bidean ezkerrera desbideratuz amaituko dugu ibilbidea, eta herriko iturrira iritsiko gara seinaleztapenari jarraituz, ibilaldiaren ondoren freskatzeko eta Zigoitiko txokorik ederrenetako bat ikusteko. Benetako ur-konplexu bat da, hainbat altueratako iturri abarrez, 2005ean eta 2018an zaharberritutako garbitoki batek eta ura ibilguaren ondoko baratzeetaraino eramaten zuten hustubide batzuk osatua. Iturriak 1968an utzi zion herria hornitzeko tokia izateari, ur-hornidura herriko etxeetara iritsi zenean.

LETONA

Jauregia eta dorrea

XV. mende amaieran, Letonak bi jauretxe-dorre zituen. Kontserbatzen den bakarra, antza denez, Juan Lopez de Letona eta bere emazte Catalina Ruiz Hurtado de Mendozak (Manurgakoa bera) egina zen, XVI. mendearen amaieran eraikia.

Lopez de Letonatarren jauregi horrek eta Letona-Hurtado Mendozatarren dorreak osatzen duten multzoak, garai horretako defentsarako elementu batzuk kontserbatu arren, gehiago du dorre sinbolikoa izatetik defentsarako dorre baino. Dorrearen goiko errematea nabarmentzen da, gotorleku baten itxura ematen dioten lau garitoi sendoz apaindua.

Kapare-etxe bat dauka atxikita. Harlangaitzezkoa da eta zaharberrituta dago orain, dorrearekin multzo arkitektoniko ederra osatuz.

San Andres eliza

XVI. mendean eraikia Erdi Aroko tenplu baten gainean, haren arku bat, harburuak eta beste hainbat elementu kontserbatzen dira oraindik. Gotiko-berantiar estilokoa da, oinplano angeluzuzenekoa, eta garai bereko kapera bana ditu, nabearen alboetan. Elizaren dorrea geroagokoa da, XIX. mendearen amaierakoa, eta XVII. mendean Juan Antonio de Letona kapitainak eraikitako kanpandorre baxu baten gainean eraiki zuten, garaiko parrokoaren testigantzaren arabera: "Kapitainak eta nik, apaizak, egin dugu kanpandorrea".

Bertako erretaula hiru garai ezberdinetan egindakoa da: sagrarioa XVI. mendearen amaieran; gorputza, 1630eko hamarkadaren amaieran dago dokumentatua, eta XIX. mendearen erdialdean, berriz, nabarmen handitu zuten.

Jaiak Andres deuna bere santuaren egunean ospatzen dira, azaroaren 30ean.